SOINEAN ERAMATEKO ISTORIOAK

Atsegin dut trena. Etxera naraman trena. Begiak paisaian jarri eta nigan bidaiatzen dudan momentua. Zenbat bidaia ote dago bagoi bakarrean? Istorioz eginik ote daude ere trenak?

Goizero istorioak soinean ditugula ateratzen gara mundura.

Istorioak maite ditut eta horiekin bitxiak egitea da nire bidaia.
Suak hurtzen duenari forma emanez bitxiak sortzea.

AGARA.jpg
 
 

AGARA naiz.

Bitxigilea. Sortzailea eta egilea.

Hitzen mundutik nator. Euskal Filologia ikasi nuen eta irakasle lanetan aritua naiz. Hitzak xehetu, bildu, ordenatu, multzokatu eta berriz ere eztandarazten egin nituen zenbait urte.

Bitxiekin topo egin nuen arte.

Duela urte batzuk mundu berri bat jarri zitzaidan parean eta hari segika bide berri bati ekin nion.

Bitxigintza Teknikoa ikasi nuen Donostiako Easo Politeknikoan. Orduan egin nuen salto suaren mundura. Funtsean alde handirik gabe, kontatzea baitzen gakoa. Batean hitza zen tresna eta bestean sua, baina bietan istorioak abiapuntua.

Ikasitakoa praktikan jarri nuen Poloniako lur hotz-goxoetan. Wroclaw hiriko Silver Art estudio txikian Chris eta Marek izan ziren maisuak eta haiekin ikasitakoaz maleta beteta itzuli nintzen etxera. Abentura gogoz sortu zen milimetrotan proiektua. Eta bertan, beste hiru bitxigilerekin batera bi urtez gure istorioak sortuz eta kontatuz egin genuen bidaia.

Bidaia amaitu zen, baina ez kontatzeko gogoa eta hala, Bitxigintza Artistikoa ikastera itzuli nintzen Easo Politeknikora.

2018an Errenteriako Habian! Fabrika Kreatiboan txoko bat egin zidaten eta bertan nago ordutik.

Forma berriekin nire burua harritzea, loturak egitea eta etengabe bilatzea da gehien gustatzen zaidana. 

Baina bereziki, benetan maite dudana, zuei istorioak kontatzea da.

 
 

BAZEN BEHIN

Maite dut kafe goxo bat hartu eta zu entzutea. Baduzu zerbait kontatzeko. Maite ditut zure istorioak. Kontatzerakoan begietan duzun dizdira eta eskuen mugimendu dantzaria. Eta hitz bakoitza bata bestearen errenkan doanean gertatzen da magia. Gordeta zegoenak hartzen du berriz ere bizia. Eta halaxe da, kontatzen dena inoiz ez baitago hilik.

Gugan dauden istorioak gara.